/ Aktualitatea / Empresa / Foro Lehiberri / “Pertsonengan apustua egitea ez da sistema ekonomikoaren kontra egitea”
Nola uler daiteke hazkunde hori?
Hiru estrategia jarraitu dira. Batetik, irabazi gehienak enpresan berrinbertitu dira. Bestetik, eta berrinbertsioei esker, gero eta prozesu gehiago integratzen joan gara, produktu ahalik eta garatuenak eskaintzeko aukera izan genezan, balio erantsia handituz. Eta, azkenik, dibertsifikazioaren estrategia: bai geografikoa –internazionalizazioaren bidez Europa mendebaldera– eta sektoriala –papergintzatik beste sektore askotara hedatuz, hala nola, zientzia, energia, aeronautika, automozioa–.
Eta, tartean, gerentzia aldaketa bat. Aldaketa inflexio puntu izan zen estrategia horiek martxan jartzeko?
Hiru estrategiak areagotu egin ziren aldaketarekin, batik bat internazionalizazioaren kasuan. Antoniok eta Agustinek erretiroa hartu aurretik ere bultzada handia eman zitzaien. Hala ere, azpimarratuko nuke ondo pentsatutako eta egindako trantsizioa izan zela. Aurrez mentorizazio prozesu bat egin zuten, eta gerora erabaki estrategikoetarako beren bisioa emateko prest izan dira. Erreleboaren ondoren bai hasi ginela laugarren ardatz bat garatzen: gure enpresa-kultura eta pertsonen harremana: ‘Zer egiten dugu’ batetik ‘Nola egiten dugu’ ere kontutan izatera, alegia. Hori bai izan zela nire apustu pertsonal bat.
Zerk eragin zuen laugarren estrategia hori sustatzeko erabakia?
Ordura arteko enpresa-kultura zalantzan jartzen genuen, ez ordura arte emaitza txarrak eman zituelako, baizik eta aurrera begira gauzak beste modu batera egin zitezkeela pentsatzen genuelako. Ez genekien ondo zer egin, baina ulertzen genuen aldaketa bat eman behar zela.
Egiten ditugun lanak ez dira arruntak, espezializazio maila altua behar dugu. Baina ezagutzaz gain, sormena, motibazioa, inplikazioa edo esfortzua beharrezkoak dira. Lan mota horiek egiteko, beharrezkoa da jendea gustura sentitzea, uste dugulako testuinguru onean ateratzen duela pertsona bakoitzak duen onena. Eta, horrek, noski, eragin ona du produktibitatean edo emaitza ekonomiko eta estrategikoetan.
Konfiantzazko giroa sortu da enpresan, eta horrek jendea gustura sentitzea eragin du. Nabaritu dugu jendeak harrotasun puntu batekin ere esaten duela Cadinoxen egiten duela lan.
Andoni Isasti
Zer egin zenuten eredua aldatzeko?
Guztion artean bisio partekatu eta orokor bat eraiki genuen lehenengo, denok gustura sentituko ginatekeen egoera baterako behar eta nahiak irudikatzeko. Horrek eman zigun norabide orokor bat eta lehen aldaketak aplikatzen hasi ginen: organigrama aldaketa, funtzioak gehiago argitzea eta beste batzuk indartzea, lan metodologiak moldatzea, bileretan parte hartzea sustatzea, zuzendaritza eta ordezkarien arteko foroak sortzea, erabakietarako kontsentsua bultzatzea… Horrek konfiantzazko giro bat sortu zuen pixkanaka.
Zer nolako harrera izan zuen aldaketak?
Zaila izan zen aldaketak barneratzea, ezegonkortasun puntu bat sortzen duelako. Gainera, garai hartan ez zegoen kultura hori aplikatzen hasteko eredurik. Are gehiago: ez gindoazen gaizki zegoen gauza bat aldatzera, ongi funtzionatzen ari zen zerbait hobetzera baizik. Bestalde, langileen eta zuzendaritzaren arteko harreman tradizionalen testuinguruan, deskonfiantza izaten da nagusi, eta aldaketak sortzea zaila izaten da. Zenbait gatazka sortu ziren, gogorra ere izan zen uneren batzuetan. Horregatik, xirimiri batek poliki-poliki bustitzen duen bezala joan ginen; ez genuen dena batera egin, baina gelditu gabe. Hartu ziren erabakiak, unean bertan genuen borondaterik onenarekin hartu ziren. Orain atzera begiratuta, zenbait gauza ezberdin egingo genituzke, baina emaitzak eman ditu: gaur egun enpresan daukagun konfiantza giroa oso altua da, eta horrek eguneroko lanean eragina du.
Konfiantzazko giroak ze mesede egin dio enpresari?
Lehenengo, ongizatea. Bilatzen genuen jendea lanean sentitzea gustura, ilusioz eta motibatuta. Lan-baldintzak ere onak dira, eta ez ekonomikoki soilik: parte hartze handia dago, arazoak konpontzeko mekanismoak dauzkagu, profesionalki enpresa proiektu indartsua sortu dugu, kontziliaziorako neurriak ditugu…
Horretaarko, koherentzia ere gakoa izan da, alegia, esaten dugun eta egiten dugunaren artean diferentzia oso txikia izatea, baldin badago. Horrek ez du esan nahi akatsak egiten ez ditugunik, edo arazorik edo gatazkarik ez dugunik. Egon badaude, baina duela 10 urtekoekin alderatuta, ezberdinak dira. Batzuetan badaude erabaki okerrak, edo kostatzen da akordioetara iristea, baina ia denetan lortzen da kontsentsua, eredu horretara bideratu dugulako antolaketa guztia.
Horrek jendea gustura sentitzea eragin du eta, oro har, bai nabaritu dugula jendeak harrotasun puntu batekin ere esaten duela Cadinoxen egiten duela lan, baita lagunei eta ezagunei gomendatzen diela. Horrek eragin du jendea ere prest egotea hona etortzeko lanera.
Kontziliazioa aipatu duzu. Zein gisako neurriak ere hartu dituzue?
Kontziliazio arduratsua bultzatu dugu, berdintasunean ere gure aletxoa jartzeko. Ordutegi aldetik malgutasun maila altua daukagu, gehiago edo gutxiago lan motaren arabera. Esate baterako, pandemia garai honetan, malguak izan gara haurren edo helduen zainketa lanetarako. Arau orokor batzuk adostu ditugu. Bada gustatu ez zaizkionik, bere egoera partikularrera ez zirelako oso ondo egokitzen. Baina orokorrean pentsatuz, arau horiek askatasunez jokatzea ahalbidetzen dute, norberaren beharrak asetzeko. Hori ere konfiantza giroaren ondorio da.
Eta alor ekonomikoan izan du eraginik honek guztiak?
Gustura egingo nuke atzera, aldaketak egin ez bagenitu gaur egun non egongo ote ginatekeen ikusteko. Konparaketa zaila da, baina bai argi ikusi dut, pertsonengan apustu egitea ez dala merkatuaren, sistema ekonomikoaren edo irabazien kontra egitea. Are gehiago, esango nuke guztiz kontrakoa dela: pertsonak balioan jarriz, emaitzak ere onenak izango dira. Duela urte batzuk irabaziak banatzeko arau bat ere adostu genuen enpresaren jabe, zuzendaritza eta langileon artean. Ari gara ahalik eta irabazi gehien lortu nahian, baina guztioi eragiten digu. Guztiok sentitzen gara proiektu honen parte, eta horrek mesede baino ez du egiten.
Merkatuari begira, nola dago posizionatuta Cadinox?
Zailtasun handiko piezak egiten espezializatu gara. Arruntasunetik ihesi goaz: bai materialetan, bai prozesuetan, baita zehaztasunetan ere. Merkatu-nitxoaren nitxoa bilatu dugu, eta proiektu asko ad hoc egiten ditugu. Hori egin ahal izan dugu prozesuak integratzen joan garelako eta guk dugulako kontrol eta ardura osoa.
Gauden lekuan egonda, merkatura begira ondo posizionatuta gaude. Hala ere, uste dut gure alea jarri nahi badugu, balio erantsi handiko gauzak egitea dela gakoa.
Andoni Isasti
Sektore askotara zabaldu zaretela ere aipatu duzu.
Papergintzarako hasi ginen lanean, eta gure fakturazioaren zati handi batek hala izaten jarraitzen du, baina orain bakarrik pieza berezienak egiten ditugu. Partikula azeleragailu handietariko piezak ekoizten ari gara ere bai, eta Europa mailako liga oso selekto baten barruan gaude. Zientzia alorra ere gero eta nabarmenagoa da eta hazten ari da: fakturazio osoaren ia %20 da. Kasualitatez hasi ginen, bezero batek huts makina bat egitea eskatu eta gero. Berria zen guretzat, ondo atera zen, eta esperientziatik ikasiz hobetzen joan gara. Erronka gisa hartzen ditugu, proiekturo ezagutza hartzen goaz, eta erronka horiek gainditzea, ate berriak irekitzen dira.
Teknologia bultzatuz programaren bidez, produkzioa planifikatzeko tresna berritzaile bat sortu zenuten. Aldaketarik nabaritu duzue?
Filosofia aldaketarekin bat datorren beste aldaketa bat izan zen hau. Produkzio antolaketa sistema hobetu nahi genuen, ez azkarren doazenak ahalik eta azkarren joateko, baizik eta motelago doazenei laguntzeko. ‘Cuello de botella’ deitzen diegun horiek produkzio edo ahalmena mugatu lezakete. Tresna honi esker, orden eta transparentzia gehiago dugu, eta erabakiak hartzeko prozesua sinplifikatu da, antolatzerako garaian.
Atzekoz aurrerako irakurketa bat egiten hasita, nola dago eta noruntz doa sektorea? Eta, hori kontutan hartuta, noruntz doa Cadinox?
Lehenengoa bigarrena baino argiago daukat. Hain zuzen, aurten amaitzen zen bisio estrategikoari buruz egin genuen azken lanketa, eta orain hausnarketa prozesu batean murgiltzera goaz ondorengo urteetako bisioa aztertzeko. Aurten ere hausnarketa hori partekatua izango da enpresa barruan. Hemendik hilabete batzutara jakingo dugu, hortaz, noruntz egingo dugun.
Sektoreari begiratuz, digitalizazioa oso fuerte dator, baita jasangarritasun irizpideak ere bai. Zentzu horretan, gauden lekuan, ondo posizionatuta gaude. Hala ere, uste dut gure alea jarri nahi badugu, balio erantsi handiko gauzak egitea dela gakoa. Horrek produktua bera ondo lantzea dakar, efektiboak eta onenak izatea, eta kalitate maila igotzea. Formatzen eta berritzen joan behar da. Hori guztia, prezioan ere lehiakorrak izanda, dagokion mailan. Badira zaindu beharreko gauza intangible gehiago: konfiantza, kalitatea, harremana, komunikazioa… Merkatua oso gogor dago, konpetentzia altua baita, eta pandemiak, gainera, areagotu egin du. Baina norberak bere barnea ondo ezagutzen badu, bere onena emateko gai dela uste dut.