Ekintzailetza garatzen
Erlezaintza gaztea. Horrela definitzen dute beren proiektua Mattin Jauregik eta Ignacio Arinek. Bertako arrazarekin lan egiten dute, erle beltzarekin, beste arraza batzuekiko hibridazio kasuen ondorioz, denborarekin galtzen joan dena. Erle gehienak Bedaion bizi dira, Balerdi mendiaren azpian – hortik datorkio izena –, baina egin beharreko produktu bakoitzak behar dituen loreen ezaugarrien arabera ere mugitzen dituzte. Erlezaintza tradizionaletik haratago, gastronomian berritzea dute helburu: ez bakarrik eztiarekin edo propolioarekin. Azpiproduktu berriak ere badituzte, hala nola gozokiak, ezti-pralinea, polen freskoa edo hidromiela.