/ Aktualitatea / Empresa / “Berrikuntzarekin geroz eta lehenago hasi, orduan eta errazagoa da merkatuan posizionatzea”
Bertako, estatuko eta nazioarteko garraio zerbitzua egiten duzue, Iruratik abiatuta.
Leku onean gaude, N-1 errepidea alboan izanda. Historikoki bertako enpresekin lan asko egin dugu, eta oso barneratua dugu. Bezero gehienak gertukoak dira, 50 km-ko erradioan daudenak. Kanpoan ere baditugu: Alemanian, Frantzian.
Nola ulertzen da sei hamarkadako ibilbidean izan duzuen bilakaera?
Faktore asko eta asko daude. Batzuk gure esku egon izan direnak, eta beste batzuk kanpo faktoreak direnak. Zortea ere izan daiteke, batek daki. Inertziak ekarri gaitu honaino, baina egia da berezkoa dugula jakin-mina: asko erreparatu izan diogu beste leku batzuetan gauzak egiteko moduari, eta ikasitako horretatik gu geu ere aldatzen joan gara. Eta noski, bezeroak entzutetik ere bai. Zer behar duten galdetzen dugu, eta horrela, beren beharretara moldatzen joan izan gara.
Hortaz, badago elkar-eragin bat, ezta? Batzuetan zuen iniziatibaz garatu duzue negozio-ildoren bat; eta beste batzuetan, bezeroen eskakizunetik sortu dira.
Bai, bezeroen beharrak ere aldatuz doazelako. Pentsa, duela 20 urtetik bezero bat dugu. 4 metroko diametroa duten aroak garraiatzen hasi ginen beraientzat; hasiera haietan guretzat pieza handiak ziren, bada, gaur egun 9 metrokoak ere eramaten dizkiegu. Behar horietara moldatzen joan gara, eta horrela hazi da enpresa.
Argi dago logistika erabat aldatu dela azken hamarkadetan, baina zertan?
Gaur egun oso aldakorra da, asko mugitzen da. Bi faktorek agintzen dute orain: azkartasunak eta prezioak. Dena berehalakoan egin behar da, azkar; eta prezio aldetik askoz ere estutuago dago dena. Lehen, agian, Iranera joateko hiru aste behar zituen kamioi batek, eta ziur aski gaur egun baina bost aldiz gehiago irabazten zuen.
Digitalizazioaren eragina ere nabarmena izango zen, ezta?
Gaur egungo logistika, digitalizaziorik gabe, ez litzateke bideragarria izango. Lehen guztia paperean egiten zen: mapak, baimenak… Gaur egun GPS eta PDAk erabiltzen ditugu, eta guztia dago RP-arekin konektatuta, karga guztia uneoro lokalizatuta izan dezagun, eta bezeroak ere ikus dezake hori. Kudeaketarako, lana bilatzeko, edo kaptaziorako ere erabiltzen ditugu tresna digitalak. Pantaila batean dugu dena. Eta besteek zer egiten duten ikustea ere errazagoa da: lehen bidaiatzen bazenuen bakarrik ikasten zenituen trukoak. Kultura aldaketa handi bat gertatu da.
Horrek eskatzen du digitalki oso ondo prestatuta egotea.
Bai, bai, topera. Ez dago beste aukerarik. Inbertitu beharra dago, formatu… Beti gustatu izan zaigu berrikuntzak txertatzen joatea. Hasieran bertigo pixka bat ematen du, baina gero eta lehenago hasi, merkatuan posizionatzea errazagoa da.
Azkartasunaren kultura ere ekarri du digitalizazioak.
Gu ez gara ibiltzen paketeria sektorean, baina eredu hori dago oinarrian, gero eta gehiago, gainera. Datak gero eta motzagoak dira, plazo estuagoekin, horrek duen konplexutasunarekin. Garraio berezien erronka nagusia litzateke paketeriaren azkartasun eta malgutasun horrekin aritzea. Horregatik uste dut etorkizuna soluzio integralak ematean dagoela.
Zein motatako soluzio integralak?
Karga baten garraio-prozesu osoaren kudeaketa. Batzuetan, bereziki nazioartera goazenean, itsasontziak ere hartu behar izaten dira. Hori ere guk kudeatzen dugu orain. Azken batean, bezeroak behar duen guztia gure gain hartzen dugu, soluzio osoago bat emanez. ‘Zer behar duzu? Nik emango dizut’ aplikatzen dugu, alegia.
Hori kudeatzea zer nolako lana da?
Garraio berezien kasuan, adibidez 4,5 metroko luzera gainditzen duten kargena, araudiak zorrotz jarraitu behar dira. Kontua da araudi hori ezberdina dela Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Espainian, Katalunian edo Frantzian. Eta bakoitza banan-banan lortu beharra dago. Beste batzuetan poliziak lagundu behar zaitu. Digitalizazioak azkartu duen arren, oraindik asko tardatzen da hori kudeatzen.
Bestelako trabak ere badituzue: erregaien prezioari begiratzea besterik ez dago.
Erregaien prezioa gora, baina bidesariena ere bai. Asko kostatzen da, gainera, hori bezeroari transmititzea, beren errealitatea ere antzerakoa delako. Berez margenak oso estututa daude gure sektorean. Horregatik, orduan eta gehiago optimizatu zure kostuak, are eta lehiakorrago bihurtzen zara. Hor dago beste gako nagusietako bat. Beste arazo bat gidari faltarena da.
Gastuak kontrolatzeko lanean zabiltzate orain, Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin, Hazinnova proiektuaren bidez.
Bai, enpresaren kostuak analizatzeko eta optimizatzeko sistema bat jarri nahi dugu martxan.
Joan den urtean ere parte hartu zenuten, eta pertsonen kudeaketa hobetzeko proiektua garatu zenuten. Nola joan zen?
Saratxagaren eredua gertutik jarraitu izan dugu, eta hori nolabait gure enpresara gerturatu nahi izan dugu. Taldea sortu nahi dugu, enpresa bertikala baino, eredu horizontalago bat aplikatzeko organigraman. Azken batean, langileek enpresa behar duten bezala, enpresak langileak behar ditu. Denontzako da mesedegarri pertsonak kontutan hartzea. Horretarako, plan bat garatu genuen, baina orduantxe pandemia etorri zen, eta ezin izan dugu aplikatu oraindik. Gure asmoa segituan martxan jartzea da.
Gazteek helduen alboan ikasten zuten ofizioa lehen; kultura hori galdu egin dugu, eta sektore askotan nabaritzen hasia da falta hori. Zaindu ez dugun zerbait da.
Joxe Ramon Arruabarrena, SMG-ko gerentea
Gidariak topatzeko zailtasunak dituzuela ere aipatu duzu. Zer ari da gertatzen?
Lan gogorra da: errepidea, etxetik kanpo egon beharra, kamioieko bizitza… Lehen jende askorentzat lan-irteera bat izaten zen garraioa, baina orain ez du nahi. Bada kanpora gustura joaten denik, edo hori eskatzen dizunik ere. Baina orokorrean gaur egun bokaziozkoagoa da lana. Gazte jende gutxi etortzen da kurrikuluma uztera. Zaindu ez dugun zerbait da.
Zergatik diozu?
Beti iruditu izan zait gazte batentzat onena ofizioa heldu baten ondoan ikastea dela. Alemanian asko ikusten da hori, garraioaren kasuan behintzat. Hemen lehen egiten zen, baina ez dakit zergatik, kultura hori dagoeneko ez daukagu. Eta sektore askotan nabaritzen hasia da falta hori.
Etorkizunaz hitz eginda, hitz egin dezagun jasangarritasunaz. Kontutan hartu beharreko faktorea da, eta izango da, ezta?
Noski, baina oraindik sektorea ez dago prest. Alemanian, esaterako, kutsatzen dutenaren arabera mailakatuta daude kamioiak, eta horren araberako bidesariak dituzte. Hiri batzuetara ere ezin dute sartu maila batetik beherakoek. Espainian hori ez dago horren garatua, eta Europan oro har ere ez.
Hala ere, kamioiak ere ez daude oraindik guztiz prest efiziente izateko. Zentzu horretan autogintza askoz ere aurreratuago dago. Kamioi elektrikoen bateriek pisu handia dute, eta karga erabilgarri gutxi geratzen zaio. Asko ari da garatzen, baina gehiago garatu behar du oraindik. Erregai gisa hidrogenoa nagusituko dela uste dut.
Frente asko daude zabalik, eta aldaketa handiak etorriko dira. Baina gauza bat argi dut: garraioak etorkizuna izango du, beti garraiatu beharko direlako gauzak leku batetik bestera. Nolakotasun hori izango da ezberdina.