/ Aktualitatea / Empresa / Tolosaldeko enpresek lankidetza aukerak aztertu dituzte
Eskualdeko enpresen balio-kateen analisia egin eta elkarren arteko lankidetza aukerak identifikatzeko ‘Tolosaldea Bat Eginez’ egitasmoa abiatu zen maiatzean.
Analisi hori egin, elkar ezagutu eta iritzi trukaketa ahalbidetzeko bi saio egin dira ordutik, LKS Aholkularitzak gidatuta, horietako bigarrena atzo.
Sei lan-arlotan jarri dute azpimarra azken saio honetan: hornitzaileen beharretan, hornitzaile-bezero sarean, biltegi eta garraioan, pertsonengan, marketing-ean eta berrikuntza teknologikoan.
Bada, horietako biri eman zieten lehentasuna enpresek eta sakonago aztertu zituzten ondoren, taldeka: pertsonen kudeaketa eta berrikuntza teknologikoa.
Taldekako dinamikaren ondoren, ondorioak elkarbanatu dituzte, eta Tolosaldea Garatzenek etorkizunean elkarlan horiek ahalbidetu eta bideratu ditzan, eskakizun zehatzak egin dituzte.
Lankidetza aukerei balio erantsia eman eta sortu diren harremanak indartzeko, bere tresna eta baliabideak enpresen eskura jarriko ditu Tolosaldea Garatzenek, etorkizuneko erronken aurrean bidelagun izateko konpromisoari eutsiz.