/ Aktualitatea / Oficina de consumo / 2024ko martxoaren 15a, Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna
John F. Kennedyk burua altxatuko balu!
“Denok gara kontsumitzaileak. Ia erabaki ekonomiko publiko eta pribatu guztiei eragiten dien talde ekonomiko handiena gara. Hala ere, behar adina entzuten ez diren iritziak dituen talde garrantzitsu bakarra gara” (John F. Kennedy, 1962ko martxoaren 15a).
1983an, NBEk martxoaren 15a Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna izendatu zuen, John F. Kennedyren diskurtsoa oroitzeko.
80ko hamarkadan ez bezala, gaur ez da batere egun pozgarria ezta esanguratsua ere kontsumitzaileon sektorearentzat, gizartearentzat oro har —gogoratu behar da guztiok (gizonak, emakumeak, gazteak, helduak, zaharrak, haurrak, nazionalak, atzerritarrak…) kontsumitzaileak garela ezinbestean—. Ez da ia egun horretaz hitz egiten, ez politikan, ez hezkuntzan, eta oso gutxi komunikabideetan. Izan ere, gaur egun, ospatzeko gutxi edo ezer ez dago. Ekonomiaren aldetik erabakigarriena den sektorea, ekonomiaren eta jasangarritasunaren bilakaera on edo txarrean eragin handiena duena, kontsumitzaileena, ahulduz joan da, eta, ondorioz, kontsumitzaile kalteberaren figura sortu behar izan da, nolabait, kontsumitzaile ertainaren figura ordezkatuz. Eta kontua da kontsumitzaile gehienok ez garela per se kalteberak izaten, baizik eta gizarte gisa pairatzen ari garen balio-krisiak benetako zaurgarritasun-egoeran jartzen gaituela kaskarkeria sozialak eta, ondorioz, politikoak eta enpresarialak egun duten botere zapaltzailearen aurrean. Erdipurdikoa da, zalantzarik gabe, hornitzen diren produktuen kalitate eskasean zein kontsumitzaileoi ematen zaizkigun zerbitzuetan islatzen dena.
Ez dago egunik albisteetan bankuek, energia-enpresek, automozio-enpresek, telekomunikazioetakoek, elektronikakoek, plataformek eta elikadura-kate handiek lortzen dituzten etekin izugarriak entzuten ez ditugunik. Baina kontsumo-teknikariok oso ondo jabetzen gara, kontsumitzailea gure aurrean esertzen denean ikusi eta sentitu egiten baitugu, halako haserre, etsipen edota larritasun maila batekin, eta adierazpen atsekabetu eta erregu horrekin, enpresa horiek eragiten dizkioten kalte-galerez. Eta, gure zerbitzuen erabiltzaile diren herritarren etxeko ekonomiari ez ezik, haien duintasunari ere kalte egiten diote, indartsuenen ez-betetze, abusu eta axolagabekeriaren aurrean beren eskubideak eta interesak baliarazteko defentsa-mekanismo nahikorik ez dutenean sentitzen duten ezintasunagatik. Benetan, bidezkoa, zilegia eta bideragarria al da kontsumitzaileon sektorea izatea, jasandako bidegabeko ez-zilegi baten ondoren eta bidezko defentsarik ezean, arestian aipatutako enpresa handien onurak finantzatzen dituena?
80ko hamarkadara itzuliz, “koltza” kasu ezaguna agerian geratu zen urteetara, bitxia zen ikustea nola klase politikoak, biztanleriarengana iristeko, Kontsumo-kontseilaritzak, Kontumo-sailak eta Kontsumo-zuzendaritzak lehiatzen ziren. Gaur egun, eta ez da kasualitatea, inork nahi ez dituen apur-mamiak jasotzea beste aukerarik ez dute alderdi minoritarioek eta Kontsumoa uzten zaie. Izan ere, dagoeneko modan ez dagoen eremua da eta, gainera, zabalegia eta konplexuegia izateaz gain (ezagutza asko eskatzen ditu), oso baliabide personal, material eta ekonomiko gutxi ditu, besteak beste. Eta bai, oso noizean behin, Kontsumoaren arloko araudi berria onartzen da; hala ere, horrek ez du ezertarako balio hori gauzatzeko baliabideak jartzen ez badira eta, hala, araudi hori ezer ezean geratzen da.
Azkenik, egun honetan hurbileko saltoki/negozio txikiko kide guztiei, erresilientzia handia erakutsi baitute, zoriondu eta txalotzea besterik ez zaigu geratzen; izan ere, kate eta plataforma handien zama eta pandemiak eragindako hondamendiak gorabehera, zailtasun askorekin eutsi, horiei aurre egitea eta aurrera jarraitzea lortu dute. Bidean oztopoak oztopo, haiek dira gehien eta hobekien kudeatzen jarraitzen ari direnak, ahal izaten duten moduan ekonomia altxatuz; auzoei, herriei, hiriei bizia emanez; adinekoei, ezinduei, zaurgarrien kolektiboei oro har … ahal duten bezala lagunduz eta, besteak beste, haien bezeroei eta kontsumitzaileoi zerbitzu-kalitate egokia eskainiz, kasu gehienetan, kontsumo-arloko araudia betetzen ez ezik, kontsumitzaileoi merezi dugun arreta, adeitasuna eta errespetua ematen ere.