/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Zure enpresak argindarrean gehiegi ordaintzen al du?
Energiaren prezioek azken urteotan aldaketa handiak izan dituzte, eta enpresa askorentzat argindarraren faktura gastu garrantzitsua bihurtu da. Hala ere, eguneroko jardunean ez da beti erraza jakitea benetan zenbat eta zergatik ordaintzen den. Izan ere, askotan, enpresek behar baino gehiago gastatzen dute, kontratatutako baldintzak ez direlako egokienak, kontsumo pasiboak daudelako edo fakturaren xehetasunak behar bezala aztertu ez direlako.
Egoera horren aurrean, Tolosaldea Garatzenek, Artico Ingurumena, S.L.-rekin elkarlanean, kostu energetikoak murriztera bideratutako zerbitzu berria jarri du martxan. Helburua argia da: eskualdeko enpresei beren energia-kontsumoa hobeto ulertzen laguntzea eta aurrezteko aukerak identifikatzea.
Zerbitzuaren bidez, enpresaren kontsumo elektrikoa modu integralean aztertzen da. Horretarako, fakturatutako potentzia eta energiaren prezioak berrikusten dira, fakturako kontzeptuak modu argian azaltzen dira eta benetako kontsumo ohiturak identifikatzen dira.
Era berean, lanorduetako eta lanorduetatik kanpoko kontsumoen arteko konparaketa egiten da, askotan oharkabean pasatzen diren kontsumo pasiboak detektatzeko. Horrez gain, kontratatutako potentzia egokia den aztertzen da, instalazioen eta ekipoen ikuskapen bisuala egiten da eta gastu elektrikoa kontrolatzeko neurri praktikoak proposatzen dira.
Azterketak, gainera, energia-aurrezpenarekin lotutako laguntza eta finantzaketa aukerei buruzko informazioa ere jasotzen du, hala nola CAE Sistemaren barruan dauden neurriak eta eskuragarri dauden dirulaguntzak.
Prozesuaren amaieran, enpresa bakoitzak txosten pertsonalizatu eta doakoa jasoko du. Bertan, egindako analisiaren ondorioak jasoko dira, baita aurrezteko aukerak eta aplikatu daitezkeen gomendio zehatzak ere.
Energia-kostuak optimizatzea ez da soilik gastuak murrizteko modu bat; lehiakortasuna handitzeko eta baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzeko aukera ere bada.
Zure enpresak argindarrean behar baino gehiago ordaintzen duen jakin nahi baduzu, eta kostuak murrizteko aukerak aztertu nahi badituzu, une egokia izan daiteke lehen pausoa emateko.