/ Aktualitatea / Enplegua garatzen / Tolosaldeko enpresen 60 kontratazio baino gehiago lagunduko ditu diruz Enpleguneak
Bueltan da Enplegunea. Abenduaren 3an ospatuko da, Lehiberri Zentroan.
Enplegu aukera berriak sustatzeko ezinbesteko egitasmoa izan da azken urteotan, egoitza eta lan eremua eskualdean duten enpresei diru-laguntzak ematen baitzaizkie Tolosaldean erroldatuta dauden langabetuak kontratatu ditzaten.
Aurten, Lanbidek ia 400.000 euro bideratu ditu eskualdera, eta orotara 63 kontrataziok jasoko dute diru-laguntza. Kontratazio gastuaren %75 lagunduko da, hilabete bakoitzeko lanpostuko 1.000€-rekin, eta gehienez sei hilabetez. Kontratazioko epealdia, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa da.
Tolosaldea Garatzenek egunotan abiatuko du prospekzioa enpresetan, lan-aukera berriak detektatzeko. Dena dela, lan-eskaintzaren bat egin nahi duen edozein enpresak izango du bere proposamena egiteko aukera, azaroaren 23ko 15:00ak baino lehen.
INFORMAZIO GEHIAGOHori bakarrik ez, eskualdeko enpresen eta lan eskatzaileen arteko topaleku ere bada Enplegunea, enpresa bakoitzak bere lan eskaintzara hobekien egokitzen diren pertsonak aurrez aurre elkarrizketatzeko aukera izango baitu egun horretan.
Azaroaren 23tik aurrera argitaratuko da Enpleguneko lan-eskaintzen zerrenda osoa, eta ordutik aurrera lan bila dabiltzan herritarrek hitzordua eskatzeko aukera izango dute, lan3@tolosaldea.eus helbidera idatziz, edo webgunearen bidez izena emanez. Kontratazioa gauzatu ahal izateko Lanbiden alta emanda ere egon beharko dute.