/ Aktualitatea / Turismo / FAGUS-ALKIZA Hernio-Gazumeko Interpretazio Zentroaren irekiera ekitaldia
Alkiza, 2026ko otsailaren 27a
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren azken txanpan gaude jada, 2026ko ekainaren 30a baitu bukaera data. 3 urte hauetan, eskualdeko 19 udalerriekin sinatu dira hitzarmenak eta 28 proiektu abiatu. Ia bi milioieko aurrekontutik %65a exekutatu dugu jada (14 proiektu bukatuta). Eskualdearen izaerarekin bat eginik, proiektu txiki asko biltzen ditu Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren planak. Plan honen helburua da Tolosaldea jasangarritasunaren sustatzaile aktibo izatea. Natura eta biodibertsitatea zaindu, herritarrei bertan lan egiteko aukerak sortu eta bizi kalitatean eragiten duten zerbitzuen dinamizatzaile izango diren proiektuak sustatzea elkarlanean.
2023ko udan hasi ginen plan honen exekuzioarekin eta gaurkoan aurkeztuko dugun ekimena, 1. Ardatzean, hau da, Trantsizio Berde eta Jasangarriaren baitan garatutako lehen ekintzan du tokia: Fagus-Alkiza Interpretazio Zentroaren hobekuntza.
Alkizako Udalarekin lankidetzan, Udaletxean zegoen Interpretazio Zentroa Erretoretxera eraman da. Edukiak osatzeaz eta espazio berri zabalago horretara egokitzeaz gain, erreserben eta sarbideen sistema berri bat ezarri da, zentrora bisita modu autonomoan egitea ahalbidetuko duena.
Ingurumena zaintzeko ikuspegiaz gain, proiektu honetan, irisgarritasuna hobetzeko ikuspegia ere landu da (Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren 4. ardatzeko (Lehiakortasuna) 2. Jarduketa: Irisgarritasuna hobetzea). Jarduera horren baitan, audio-gida bat sortu da hainbat hizkuntzatan, ikusmen urritasuna dutenei edukiak entzuteko aukera emango diena eta zentroaren kanpoaldeko seinaleztapena garatu da, bisitariek erraz aurki dezaten.
Proiektu honen osagarri diren bestelako lanak ere hasiak dira jada Alkizan: biodibertsitatea hobetzeko urmael berri bat ( SL-GI 6 Baserri paisaiaren ibilbidearen ertzean) eta mendi ibilbideen seinaleztapen eta irisgarritasunean hobekuntzak, Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren baitan. Eskualdeko plan hau Euskadiko Helmugako turismo-Jasangarritasuneko lurralde-planaren baitan dago eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparrukoa da, Europar Batasuneko Next Generation Funtsen finantzazioa duena.

Fagus-Alkiza Hernio- Gazumeko Interpretazioa Zentroa
Aurrekariak
Fagus-Alkiza Hernio-Gazume kontserbazio bereziko eremuaren interpretazio-zentroa 2013an jarri zen martxan Alkizako udaletxearen 2. Solairuan.
Fagus Alkiza Hernio-Gazume KBE sarbidea eta erakusleihoa da. Hiru ardatz nagusiri jarraiki dago antolatuta: natura, gizakia eta kultura.
Alkizako Udalak, 2020an herriko Erretore-etxean garatzen ari den proiektu turistikoaren harian, erabaki zuen Fagus-Alkiza Interpretazio-zentroa udaletxearen eraikinetik Erretore-etxearen ganbarara eramatea, hain zuzen ere, herrian Ipar polo izenarekin ezagutzen den espaziora.
Erabaki hori hiru arrazoi nagusitan oinarritzen zen:
Helburuak
Fagus-Alkizaren helburu nagusia biodibertsitatea kontserbatzea eta areagotzea da. Horrenbestez, interpretazio-zentroan Hernio-Gazume KBEko biodibertsitateari buruzko informazioa aurkituko dugu, baita duela urte batzuetatik natur gune horretan egin diren eta egiten ari diren kontserbazio-lanak ere.
Lehenengo zutabeaz gain (natura), zentro honen bigarren zutabea gizakia da, eta, beraz, garapen iraunkorra lortzea da zentroaren bigarren helburua. Horrela, biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzen da; izan ere, nekazariari esker, Hernio-Gazume KBEan garrantzi handia duten belardiak, pago motzak… daude. Horregatik, Fagus Alkiza baserriak gaur egun bizi duen egoera ikusita, gogoeta egiteko eta berreskuratzeko aukerak bilatzeko lekua ere bada.
Historian zehar Alkizako biztanleek naturarekin duten harremana ezagutarazteko asmoz, zentroan horretarako bildutako ondasun kulturalak ikusi ahal izango ditugu: txondorrak, karobiak, e.a.
Azken zutabea kulturarena izango litzateke. Jakina da denborak aurrera egin ahala ohiturak, baliabide naturalak ustiatzeko ereduak, gizakiak ingurumenarekin dituen harremanak, kontsumoa… aldatzen direla. Beraz, kultura-aldaketa baten aurrean geundeke, eta, beraz, Fagus Alkizaren hirugarren helburua landa-eremuan kultura sustatzea da, zentzu integral batean.
Fagus-Alkiza Interpretazio Zentroaren eduki eta espazioak
– HERNIO-GAZUME
Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) ezagutzera emateko gunea, interpretazio zentroaren muina. Bertako maketan KBEko paisaia ikusi dezakegu, baita eremuan bertan seinaleztatuta dauden ibilbideak ere.
– HERNIO-GAZUMEKO HEGAZTIAK
Harkaizti baten erreplika dugu gune honetan. Bertan kokatuta daude sai-arrearen, sai-zuriaren eta ugatzaren erreplika. Espazio honen helburua da bisitariei azaltzea Hernio-Gazume KBEan zein hegazti espezie dauden eta zer berezitasun dituzten. Bestalde, harkaiztiak eremu honetako babestutako habitatetako bat dela ere azaltzen da bertan.
– BASOA-ZUHAITZ LEPATUAK
Alkiza edo inguruko herrietako baso baten erreplika dugu gune honetan. Argazkietan ikusi ditzakegu hainbat pago-motz. Zuhaitz-enborrak eta hainbat hegaztiren erreplikak ere aurkituko ditugu basoan zehar (okil-beltza, okil-berdea, zozoa eta abar). Espazio honen helburua da bisitariei azaltzea paisaia gizakiok moldatu izan dugula. Gure arbasoen jardunagatik aurkituko ditugu Hernio-Gazumen pago mugarratuak. Espazio honetan azaltzen dugu pago-motzak zer diren, zergatik erabiltzen zuten teknikari hori eta bide batez, garai bateko baserrietako bizitza zer nolakoa zen.
– HERNIO-GAZUMEKO INTSEKTUAK
Intsektu deskonposatzaileen erreplikak: Rosali aalpina, Lucanus cervus eta Cerambyx cerdo.
Atal honetan Hernio-Gazumeko intsektu deskonposatzaileak zeintzuk diren eta ekosistemarako zer garrantzia duten azaltzen dugu.
– HERNIO-GAZUMEKO SAGUZARRAK
Kobazulo baten erreplika baliatzen dugu saguzarrei buruzko informazioa emateko. Espazio honen xedea da azaltzea KBE honetako babestutako espezieetako bat direla saguzarrak. Animalia bitxi hauen berezitasunak eta ekosistemarako duten garrantzia zenbatekoa den azaltzen diegu bisitariei.
3 gune berri
Urmaela. Udalak Hernio-Gazume KBE egiten diharduen interbentzioen artean, anfibioak eta intsektuak ugaltzeko bi urmael egin ditu. Espazio berri honetan urmaelak zer diren eta bertako ekosistema zer den azaltzen da.
Gizakiaren espazioa. Gune honetan giza jarduerak (basogintzak, ikazkintzak, nekazaritzak, abeltzantzak,…) Hernio-Gazumeren paisaian eta izaeran izan duen eraginaz hitz egiten da. Helburua da bisitariek ulertzea herritarren bizimoduarekin batera aldatu dela paisaia bera ere. Hor kokatzen dira, besteak beste, karobiak, txondar-plazak, galtzadak, paretak, beste elementu antropologikoekin batera.
Sormenaren kabiaren espazioa. Fagus-Alkiza proiektuaren baitan kulturaren ardatzean Sormenaren Kabia izeneko bekak antolatzen dira. Beken helburua sormena artistikoa eta natura lotzea da Alkizan egonaldia egitera artistak bekatuz. Egonaldi horiek eta bertan sortzen denaren erakusleiho bat jarri dugu espazio honetan.
Tolosaldeko Turismo Iraunkorreko Planaren esparruan esku hartzea
Tolosaldeko Turismo Iraunkorreko Planaren 10. helburuari erantzuten dio jarduera honek:
“Iraunkortasunaren sustatzaile aktiboa izatea, turismo-helmuga jasangarri gisa posizionatzeko eta Euskadi posizionatzen laguntzeko”.
“Tolosaldeko posizionamendura eta helburu publikoetara bideratutako produktu eta esperientzien garapena bultzatzea, helmuga turistikoaren erakargarritasuna hobetzeko” eta “Eskualdearen garapen sozio-ekonomikoan eta iraunkorrean laguntzea, kalitatezko enplegua eta digitalizazioa sustatuz, turismoaren balio-katea osatzen duten prozesu guztietan bikaintasuna lortzeko helburuarekin eta bisitariari eskainitako produktu eta zerbitzuen balio erantsia ezagutaraziz.
Tolosaldeko Turismo Iraunkorreko Planaren 1. ardatzeko (Trantsizio Berdea) lehen ekintza: “Fagus-alkiza eta Pello Zabala Gunea Interpretazio Zentroa hobetzea”
Jarduketari esleitutako etiketa klimatikoa: 050
Deskribapena: Natura eta biodibertsitatea babestea, ondarea eta baliabide naturalak, azpiegitura berdeak eta urdinak.
Klima-helburuetarako ekarpena: % 40
Erreserbak: https://www.fagus-alkiza.eus/