/ Aktualitatea / Enplegua garatzen / Banakako eta taldekako tutoretza, eskualdeko enpresetan praktikak edota enpresa plan bat egiteko laguntza eskainiko ditu Hazilan-ek
Lan-egoera hobetu nahi duten 20 eta 44 urte arteko gazteei aukerak sustatzeko programa da Hazilan. Goi-mailako ikasketak –heziketa ziklo, unibertsitate titulu, etab.– dituzten gazteak lan-merkatuan txertatzea du helburu, eta horretarako konpetentzia sozioprofesionalak hobetzean jartzen du azpimarra.
Urrian abiatu eta urte bukaerara arte luzatuko da. Izen-emate epea zabalik da dagoeneko, eta irailaren 25era arte izango da horretarako aukera, Tolosaldea Garatzenen web orrialdearen bidez.
Hiru adar izango ditu edizio honek, parte hartzaileen lan-egoera, helburu eta motibazioen arabera prestatutako programekin. Izena ematerako garaian, hiruretako zeinetan parte hartuko duten zehaztu beharko dute parte hartzaileek.
Hazilan-en ohiko ereduak jarraipena izango du. Eskualdeko enpresetan ikasketa alorrarekin zerikusia duten lanpostuetan praktikaldia egiteko aukera eskaintzen du.
Aurrez, ordea, gaitasun sozioprofesionalak garatzeko formazio fase bat izaten da, 80 bat ordukoa. Besteak beste, alor fisiko, kognitibo eta emozionalak lantzen dira, taldeka nahiz bakarka: proaktibitatea, autonomia, izaera kritikoa, talde-lana, komunikazioa, lidergoa, gatazken kudeaketa, plangintza…
Prestakuntza-saio horiek Lehiberri Zentroan izango dira, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian: 08:00-14:00. Lehen saioa urriaren 10ean egingo da, eta azkena, berriz, hilaren 28an.
Praktikaldia, guztira 200 ordukoa, azarotik aurrera egin ahal izango dute parte hartzaileek. Horretarako, ordea, formazio fasea guztiz osatzea ezinbestekoa da.
Hauxe da Hazilan programako berrikuntza nagusienetako bat. Banakako jarraipen eta mentorizazioa eskaintzen zentratuko da aukera hau, garapen pertsonalerako edota proiektu pertsonalen garapenerako laguntza pertsonalizatua eskainiz.
Horretarako, hainbat orduz –beti ere irailetik abendura bitarte–, bakarkako saioak egingo dira parte hartzaile bakoitzarekin, norbere helburuetara egokituz.
Zeintzuk izan litezke helburu horiek? Bada, guraso izan ondoren lan-merkatura itzultzea; lanez aldatu nahi eta nora jo jakitea; laneko proiektu bat entregatu behar izatea; ikasketa arloko lanei berriz heltzea… Ugariak izan daitezke errealitateak, horregatik eskainiko zaio bakoitzari bere beharren araberako arreta.
Bi programa hauen informazio gehiago lortzeko, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailarekin jarri beharko da harremanetan, lan@tolosaldea.eus helbidera idatziz.
Hirugarren alorra, berriz, enpresa bat martxan jartzea pentsatzen ari diren gazteei zuzendutakoa da. Enpresa sortu aurretik jakin beharrekoen inguruan formatu eta enpresa plan erreala garatzea du xede.
Kasu honetan, formazio saioak astebeteko iraupena izango du. Urriaren 3tik 7ra izango da, Lehiberri Zentroan, 09:30etik 13:30erako ordutegian.
Besteak beste, egitura juridikoak, fiskalitatea, prezio politikak, inbertsioak, diru-sarreren azterketak, etab. izango dira mintzagai.
Behin formazio hori igarota, parte hartzaileek, lanaldi osoz Enpresa Plan bat osatzen jardun beharko dute Lehiberri Zentroan, gutxienez 45 ordu osatu arte. Prozesu horretan gidatu eta zalantzak argitzeko, orientazio pertsonalizatua eskainiko dieten adituak izango dituzte eskura. Beren enpresa propioa sortu duten ekintzaileak ere bisitatzeko aukera izango dute.
Programa honen inguruko informazio gehiago nahi duen oro, Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza Sailarekin jarri daiteke harremanetan, zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatziz.
INFORMAZIO GEHIAGO ETA IZEN-EMATEA