/ Aktualitatea / Turismo / Ia 4000 bisitari erregistratu ditu 2023ko udan Tolosako Turismo Bulegoak
Azken urteotako joera jarraituz, ekainetik abuztura bitartean Tolosan izandako bisitarien zifrak gora egin du. 3897 bisitari izan dira, denera, uda honetan gure eskualdeko altxorrak ezagutzera bertaratu diren bisitariak. Turismo sektorearentzat uda baikorra izan da datuen arabera, lotoki eta jatetxeentzat batez ere.
Tolosaldeko nekazalturismo eta landetxeek azken hamarkadako okupazio daturik hoberenak izan zituzten iaz, eta aurtengoak are hobeak izan dira; uztailean, batez besteko %62ko okupazioa izan da, eta %80koa abuztuan. Hotel eta pentsioek aurreko urteko okupazio tasa bera izan dute uztailean: %74koa, baina lehen seihilekoan, hilabetero hobetu dituzte okupazio tasak.
Okupazio tasak desestazionalizaziorako joera agertu du 2023an, ia hilabetero bisitarien hazkundea erregistratuz iazko datuekin alderatuta. Turismoa urte osora hedatzeko helburura gerturatzen ari da eskualdea, nahiz eta uztailean eta abuztuan eskuratu diren zifrarik altuenak.
Gehienak, ohikoenak
Tolosaldeko turismo bulegoan naiz Txindokiko Itzaleko informazio puntuan jasotako informazioaren arabera, uztailean gora egin dute, aurreko urtearekin alderatuta, bai bertako eta baita Espainiar Estatuko nahiz atzerriko bisitariek ere.
Uztailean, 1116 bisitari izan dira guztira gurean, gehienak Estatukoak. Bestalde, abuztuan, 1987 izan dira, hauek ere gehienbat Estatukoak, atzerritar eta gipuzkoarrak gutxiago izan direlarik.
Jatorriari dagokionez, bisitari gehienak Kataluina eta Madrildik etorri badira ere, abuztuan, igoera nabarmena izan da Valentziatik etorri diren turisten kopuruan. Eskualdea bisitatzeko aukeraren inguruan galdetuta, aitortzen dute helmuga hautatu dutela klimatologiak erakarrita.
Turista atzerritarren kasuan, Frantziatik etorri dira gehienak aurtengoan ere, eta aurreko urtearekin alderatuta, gora egin dute udako bi hilabeteetan.
3 bisita gidatu eta 18 audiogida
Turista-fluxu horren isla zuzena izan da turismo bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatuen harrera: uztailaren erdialdetik hasi eta abuztu bukaera bitartean, 238 parte hartzaile izan dira Tolosako Azoka, Alde Zaharra eta Andre Maria eliza ezagutzeko eskaini diren bisita gidatuetan. Bereziki uztailean nabaritu da parte-hartzaileen igoera. Burututako inkesten arabera, gainera, 5etik, 4,87koa izan da bisita gidatuen asebetetze maila.
Bertatik bertara egiten diren bisita horiez gain, ordea, beste hainbat lagunek (250) egin dituzte bisita gidatuak audiogidak erabiliz. Guztira, 1713 erreprodukzio izan dituzte.
Tolosako eta inguruko tokiez gain, bertako historia eta kultura ezagutarazteko 18 proposamen jasotzen dituzte, eta baita burutzeko jarduera posibleak ere.