/ Aktualitatea / Energia Bulegoa / Bonu Sozial elektrikoaren zenbatekoak gora egiten du denboraldi batez, fakturaren %60 edo %70 estali arte
Tolosaldeko Energia Bulegoaren helburuetako bat eskualdeko energia-kalteberatasuna murriztea da sortu zenetik. Horretarako, doako aholkularitza publikoa eskaintzen die herritarrei, egoera horri aurre egiteko dauden tresnei buruzko informazioa eskainiz.
Tresna horietako bat Bonu Soziala elektrikoa da. Merkatu arautuaren merkaturatzaile batekin hornidura elektrikoko kontratua duten eta argiaren fakturei aurre egitea zailtzen dieten zenbait baldintza betetzen dituzten pertsonek eskura dezakete bonu hori. Orain arte, bonu horrek argiaren fakturaren %25eko laguntza ematen zien kontsumitzaile ahulei, eta %40koa kaltebera larritzat jotzen zirenei. Bada, azarotik 2022ko martxoaren 21era bitartean, Gobernuak ehuneko horiek %60 eta %70era igotzea onartu du, hurrenez hurren, argiaren prezioaren igoerari aurre egiteko.
Gure webguneko laguntza ekonomikoen atalean kontsulta ditzakezu kontsumitzaile kaltebera edo kaltebera larritzat hartzeko baldintzak, baita laguntza eskatzeko jarraitu beharreko urratsak eta laguntzari buruzko xehetasun guztiak ere. Gainera, zalantzarik baduzu edo eskaera egiteko laguntza behar baduzu, Tolosaldeko Energia Bulegoarekin harremanetan jar zaitezke tolosaldekoenergiabulegoa@gmail.com helbidean edo online inprimakia betez. Bulegoa zerbitzu publikoa eta doakoa da, eta, beraz, ez izan zalantzarik daukazun edozein zalantzaren inguruan galdetzen.