/ Aktualitatea / Turismo / LARRAULGO EKOMUSEAN EGINDAKO BERRIKUNTZA LANEN AURKEZPEN EKITALDIA
• Sarrera online erosi eta jasotako kodearekin museoa modu autonomoan bisitatu ahal izango da.
• Bideo eta interpretazio panel berriek azalduko dute Larraulgo Ekomuseoa.
Testuingurua
Larraulgo Museo etnografikoaren proiektua 1998an abiatu zen, hainbat herritarrek donazioan emandako piezekin. 2009. urtean herritarrek osatutako Dina-7 kultur elkarteak hartu zuen museoaren dinamizazioaren ardura eta Larraulgo Ekomuseoa izena jarri zioten. Hainbat urtez, tailerrak, bisita gidatuak eta ekimen ezberdina antolatu zituzten. Azken urteetan, Larraulgo udaleko kultura teknikaria arduratu izan da aldez aurretik hitzordua hartuta eta bere aukeren arabera, museoa erakusteaz.
Asteburu, jaiegun eta goi sasoian orokorrean, museoa ikusteko aukera oso mugatua zen. Proiektu honen helburua teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak erabilita, Larraulgo Ekomuseoa modu autonomoan bisitatu ahal izateko berrikuntzak egitea izan da.
Tolosaldean identifikatuta genuen hain zuzen, eskualdean zehar turista fluxuak banatu ahal izateko, eskaintza egituratu baten eskasia genuela, disponibilitate zabal bat eta erreserbak modu erraz batean egiteko aukera eskainiko zuena. Era berean, teknologia berriak aukera gisa ere identifikatu ziren, ahultasun hauei heldu eta landa turismoaren segmentuan sakontzeko tresna gisa.
Natura, lasaitasuna eta pilaketarik gabe aisiaz gozatzeko eta Tolosaldeko landa ingurunea ezagutzeko esperientzia bat sortu nahi izan dugu.

Larraulgo Ekomuseoa, ondare baliotsua
Larraulgo Ekomuseoak euskal landan ingurunearen azken hamarkadetan izandako aldaketak interpretatzen laguntzen du. Museoko pieza gehienek nekazaritzaren inguruko errelatoak azaltzen dizkigute (laiak, karroak, kazuelak, erremintak …) baina badaude erlijioaz, merkataritzaz, kirolaz, gerraz festaz eta emigrazioaz ari direnak. Larraulgo ekomuseoak zuzenean nabarmentzen ditu landa inguruneko ondare kulturalak.
Larraulgo Ekomuseoak ondare baliotsua du, baserriaren inguruko kolekzio etnografiko aberats bat izateaz gain, pieza gehienak herritarrek utzitakoak dira eta beraz, larrauldarrek bere ondarearekin duten inplikazioaren erakusle.

Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren baitan egin den interbentzioa
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren exekuzioan aurrera goaz eta plan honen 4. Ardatzeko (Lehiakortasuna), 1. ekintzaren baitan, hau da, “Eskaintza kultural turistikoa sortzea eta hobetzea” ekimenaren baitan, Larraulgo udalarekin lankidetzan, Larraulgo Ekomuseoa berritu da; teknologia berriei esker, webgunetik sarrera erosi eta modu autonomoan bisitatu ahal izango da hemendik aurrera. 1998an inauguratu zen Museo Etnografikoa, Larrauldarrek udalari utzitako piezetatik abiatuta. Landa eremuko bizitza eta ondare kulturala nola eraldatu den interpretatzeko tresna ezin hobea da eta orain, altxor hau edonork ezagutzeko eskuragarriago egongo da.
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana Euskadiko Helmugako turismo-Jasangarritasuneko lurralde-planaren baitan dago. Plan hori Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparrukoa da eta Europar Batasuneko Next Generation Funtsak dira finantzatzaileak.
Hauek dira egin diren ekintzak:
Museoa bisitatzeko erabakia hartu aurretik, museoan zer aurkitu dezakeen azalduko duen webgune berri bat sortu da, museoarekin bat egiten den iruditeria izango duena.
Webgune honek sarrera erosteko aukera ematen du (prezioa: 4€/2€) eta erreserba egun eta orduarekin, kode bat helaraziko dio bezeroari, museoko atean bertan sartu eta irekiko duena.
Museoa bisitatzeko ordutegia: asteartetik igandera, 10:00etatik 19:00etara.
Edukiera: 10 pertsona. Taldeek udalarekin harremanetan jarri behar dute. Aldiko talde bakarraren erreserba onartuko da, bisita pribatua izango da alegia.
Museoko piezak interpretatzeko, bideoak grabatu dira herritarrekin, pieza hauek nola erabiltzen ziren azaltzeko eta panel irisgarri batzuetan jarri dira piezen alboan (4 pantaila). Bideoak gazteleraz eta ingelesez azpititulatu dira.
Segurtasuna bermatzeko sistema bat ezarri da, argiztapena berritu da eta informazio panelak ere berritu egin dira, irisgarritasun irizpideak kontutan izanik.
Proiektu honek eskualdearen izaerarekin bat egiten du; larrauldarrek sortua eta larrauldarrekin berritua, txikia izanagatik ez garrantzi gutxikoa, bihotza eta arimaduna, herritik sortu eta mundura irekia.








