/ Aktualitatea / Turismo / MUSKERRAREN BIDEKO HARRERAGUNEAREN AURKEZPEN EKITALDIA
Testuingurua
Asteasuko udalak 2015. urtean abian sortu zuen Muskerraren Bidea Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin lankidetzan.
“Idazterakoan, askotan, lur bat behar duzu, kale bat, auzo bat, eliza bat, etxe bat behar duzu eta hoberena da abstraktuki pentsatu beharrean, modu zehatz eta konkretuan pentsatzea. Eta etxe bat esatean, etxe jakin bat izatea gogoan. Alde horretatik, Asteasu izan da Obaba lurraldearen atzean dagoen herria”.
(Bernardo Atxaga)
Obabaren inguruan sortutako unibertso literarioa beste hainbat argitalpenetan agertzen da; esaterako, Sugeak txoriari begiratzen dionean (1989) edota Bi anai (1995) lanetan. Ondare hori guztia dibulgatzeko helburuarekin, Asteasuko herrigunean bi kilometroko ibilbidea osatzen duen Muskerraren Bidea sortu zuten Bernardo Atxaga eta Asteasuko udalak elkarlanean. Tokiko informazio zabalarekin zazpi interpretazio-panel daude jarrita, testu, ilustrazio, mapa eta argazkiekin.
Bernardo Atxaga Asteasun jaio eta bertan bizitu zen 12 urte bete arte. “Obabakoak”, mundu osoan ezagun egin den alegiazko lurralde literarioa inspiratu zuen parajeak bertatik bertara ezagutzeko bidea da hain zuzen, Asteasuko Muskerraren bidea.

Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planaren baitan egin den interbentzioa
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren exekuzioan aurrera goaz eta plan honen 4. Ardatzeko (Lehiakortasuna), 1. ekintzaren baitan, hau da, “Eskaintza kultural turistikoa sortzea eta hobetzea” ekimenaren baitan egin den azken proiektua aurkeztuko dugu: Muskerraren bideko harrera gunea sortzea.
“Kutsidazu bidea, Ixabel” ibilbidea sortu eta “Larraulgo ekomuseoa digitalizatzeko” lanak egin dira lan lerro honetan, Muskerraren bideko harreragunea atontzearekin batera. Guztira, 232.334,16€-ko aurrekontua izan dute hiru ekintzek, %100ean Europako funtsek finantzatuta. Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana Euskadiko Helmugako turismo-Jasangarritasuneko lurralde-planaren baitan dago. Plan hori Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparrukoa da eta Europar Batasuneko Next Generation Funtsak dira finantzatzaileak.
Landa inguruneko herrietako bizitza eta euskal nortasunari lotutako eskaintza sortu eta hobetzea zen helburua. Teknologia berrien erabilera eskaintza hauetan txertatu nahi zen, interpretazioa, kudeaketa eta merkaturatzea hobetzeko.
Proiektu honekin, helburu horiek bete ditugula esan dezakegu, Muskerraren bideko harreragunean ikus-entzunezkoa sortu baita, bidea bera hobeto ulertarazteko eta webgune berri bat ere sortu da, egungo beharretara egokituta eta epe laburrean, erreserba motorra eta gunea bisitatzeko aukera eskainiko duena.








Muskerraren bideko harreragunea
Espazio berri honek, Muskerraren bidea osatu eta aberastu nahi du. Ibilbidearen beraren informazio xehatuz izateaz gain, Bernardo Atxagaren bibliografia egongo da ikusgai eta baita bere lan ibilbide osoa ere.
Asteasuko udaletxearen azpiko lokala egokitzeko lanak egin dira. Aurretik zatitua zegoen espazioa erabat eraberritu da harreragunea bertan ezartzeko eta ondoren, espazio jantzi da informazio panel, liburuak eta pantailekin.
Audiobisualak eta ukipen pantailara egokitutako materialak sortu dira.
Muskerraren bidea egiteko erabakia hartu aurretik, bertan zer aurkitu dezakeen azaltzen duen webgune berri bat sortu da, proiektu osoaren iruditeriarekin bat egiten duena. Epe laburrean izango du prest erreserba sistema.
Espazio berri honek, ikastetxe taldeak naiz norbanakoak artatzeko balioko du. Bisita gidatuak eskatzeko aukera mantenduko da baina epe laburrean, norbanakoak espazioa bere kasa bisitatzeko aukera izango dute online erositako sarrera baten bidez.
Euskara, kultura eta irakurzaletasuna sustatzeko gune
Espazio berri honetan, euskara eta literaturaren inguruko ekimenek lekua izatea nahiko luke Asteasuko udalak, herrian bertan sorkuntza sustatzeko balio dezan.









