/ Aktualitatea / Turismo / Tolosaldea erakusten: azken asteetako bisiten eta grabaketen laburpena
Tolosaldea Garatzeneko turismo sailaren lan ildo nagusietako bat eskualdea sustatzea eta ezagutaraztea da. Helburu horri jarraituz, urte osoan zehar hainbat agenteri —kazetariak, turismo-giden egileak, influencer-ak edota eduki sortzaileak— egiten diegu harrera. Helburua da Tolosaldea eta bertako zerbitzuak lehen pertsonan ezagutzea, eta ondoren beren sareetan, gidetan edo katalogoetan txertatzea.
Azken asteotan, hainbat eragile eta komunikabideren bisitak jaso ditugu, Tolosaldea baliabide turistiko, gastronomiko eta kulturalen erakusleiho bilakatuz.
Horien artean, nabarmentzekoa da Euskadi Gastronomika sarearen baitan, Basque Route produktu turistikoari lotuta garatzen ari den kanpaina digitala, Dos Truchas con pasaporte izeneko Instagram kontu ezagunaren bidez zabaltzen ari dena. Kanpainaren harira, Tolosaldeako hainbat baliabide gastronomiko grabatu dira:
Tolosako azoka, Ama jatetxea, Hika txakolindegia, Iriarte Jauregia, Nicolás erretegia, Jo Topagunea eta baita Beotibar frontoian zesta punta partida bat ere. Lehen edukiak sare sozialetan ikusgai daude jada, eta irailean beste hainbat bideo argitaratuko dira Visit Euskadi Instagram kontuan.
👉 Artikulu osoa hemen irakur daiteke
Apirilaren 7an, bestalde, Estatu Batuetako turismo operadoreen bisita jaso genuen. Basquetour eta Turespañaren arteko lankidetzari esker, parte-hartzaileek Tolosako azokaren bisita berezi bat egin zuten, bertako produktu eta ekoizleak ezagutzeko. Gau hartan, Bidaniako Iriarte Jauregian hartu zuten ostatu.
👉 Bisita honen inguruko informazio gehiago Basquetourren webgunean
Bisita horren egunean bertan, Gipuzkoa Turismoak ekoitziko duen bideo berrirako irudiak grabatu genituen: Rafa Gorrotxategiren museoan, azokan, Jo Topagunean eta TOPIC museoan, besteak beste.
Ekimen eta bisita hauetan guztietan, Tolosaldea Garatzeneko turismo sailaren eginkizuna bidelagun eta koordinatzaile izatea da: bisitariei lehen eskutik erakustea zer eskaintza aurki dezaketen eskualdean, eta agenden koordinazioa ere bermatzea. Askotan helburu jakin batekin datoz (zerbitzu jakin bat grabatzera edo ezagutzera), baina aukera dagoen heinean beste esperientzia eta eragile batzuk bistaratzen saiatzen gara.
Argi dago, ordea, lan hau guztia ezinezkoa litzatekeela eskualdeko eragileen inplikaziorik gabe. Sukaldari, zerbitzari, gidari, ekoizle, informatzaile, kudeatzaile edota zesta punta entrenatzaile… denen denbora, prestutasun eta profesionaltasuna funtsezkoak dira. Batzuetan batzuk lehen planoan jartzen dira, beste batzuetan beste batzuk, baina guztiek dute parte aktiboa Tolosaldearen irudi aberats eta erakargarria eraikitzen.
Eskualdea ezagutzera emateko bidean lanean jarraitzen dugu, Tolosaldea helmuga erakargarri eta benetako gisa sendotzeko eta balioan jartzeko.