/ Aktualitatea / Turismo / Tolosaldeako Turismo Bulegoa MUGI proiektura batu da, mugikortasun iraunkorra errazteko
Tolosaldeako Turismo Bulegoak bat egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (ATG/ATTG) bultzatutako MUGI proiektuarekin, txartelaren erabilera herritarrengana eta bisitariengana hurbiltzeko, lurraldeko turismo bulegoen bidez.
Ekimen honi esker, Tolosaldeako Turismo Bulegoa MUGI txartela eskuratu eta birkargatzeko gune berria izango da, garraio publikoaren erabilera erraztuz eta eskualdean mugikortasun iraunkorra sustatuz.
Horrela, bai Tolosaldeako biztanleek, bai eskualdera etortzen diren bisitariek, MUGI txartel anonimo berria atera edo birkargatu ahal izango dute bulegoaren ohiko ordutegian.
MUGI txartel anonimoak deskontuekin bidaiatzeko aukera ematen du hiri eta hiriarteko autobusetan, Euskotrenen eta Renfeko aldiriko trenetan, eta bereziki erabilgarria da bisitarientzat, ez baita pertsona bati lotuta eta pertsona batek baino gehiagok erabil dezakeelako.
Proiektu honetan parte hartuta, Tolosaldeak turismo eredu iraunkorrago baten aldeko apustua sendotzen du, garraio publikoaren erabilera sustatuz, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz eta ingurunea zainduz.

