/ Aktualitatea / Turismo / Hurbildu bideo-kanpaina, turistak erakartzeko
Osasun krisiak udako oporraldietako joerak eta bezero profilak aldatu ditu, guztiz. Uztaila bukaerarako, orain arte, ohikoena zen plan guztiak itxita izatea, baina aurtengoan azken uneko erreserbak ari dira nagusitzen: bai lo-lekuetan, baita ostalaritzan ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak egin berri duen ikerketa lan batean ondorioztatu dute estatuko turistek bereziki lehenesten dituztela naturgune eta landa inguruneak, beren oporraldietarako. Paisaia, natura eta gastronomia dira Gipuzkoa aipatutakoan lotzen dituzten ezaugarriak.
Hain zuzen, gai horietan oinarrituta, eta bisitariak erakartzeko, edota oporraldia dagoeneko gurean erreserbatu dutenei aisialdi aukera bat gehiago eskaintzeko helburuarekin, hainbat ekimen jarri dira martxan.
Distantzia mantentzea ezinbesteko bihurtu den honetan, hurbiltasunaren aldarria egin du Tolosaldeak, turistak erakartzeko egindako kanpainan. Izan ere, bisitariak dozenaka aukera ditu, esku-eskura, eskualdean: batetik, euskal hiriburuetatik eta kostaldetik hurbil dago; bestetik, Tolosaldea aukera paregabea da landa-eremura, naturara, gastronomiara edota euskal kulturara gerturatzeko.
Aurtengo egoera dela-eta, gainera, oporrak gehiago banatzea aurreikusten da. Horregatik, motibazio eta profil ezberdinetara iritsi ahal izateko, pilula moduko lau bideo sortu dira.
Segurtasun neurriak bermatuta izanik, eskualdea bera eta bere aberastasun anitza ezagutzeko gonbita egiten dute bideoek, HURBILDU lelopean. Lau zutabe izango dituzte: gastronomia, natura, familia turismoa, eta euskara eta kultura.
Lehen bideoa gastronomiari dagokiona izango da –aste honetan bertan argitaratuko da–, eta ekoizle eta jatetxeak laguntzea du xede. Babarruna, piparra, txuleta, gazta eta gozoa
dira protagonista, besteak beste. Naturari buruzko bideoa abuztu bukaeran zabalduko dugu, eta udazkenari begira gainerako biak.
Kanpaina honekin, bereziki, pernoktazio eta erreserbetan eragitea da helburua, eta horretarako, euskal herritarrez gain, publikoa estatura eta Frantziara zabalduko da. Euskaraz eta gazteleraz gain, frantsesez eta katalanez ere argitaratuko dira.