/ Aktualitatea / Turismo / 2 milioi euro, hurrengo hiru urteetan Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren barruko 17 proiektu garatzeko
Tolosaldeak 2 milioi euroko diru-laguntza jaso du, Europako Next Generation funtsetatik, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Planeko proiektuak garatzeko.
Lurralde Plan horren eskualde mailako homonimoa da Tolosaldea Garatzenek osatu duen Tolosaldeko Jasangarritasun Turistikoaren Plana, eta bertan biltzen dira eskualde osoan barrena garatuko diren proiektu turistikoak.
Elkarlana izan da plan honen bide-orria osatzeko giltza, erakunde publiko, sektoreko eragile pribatu eta beste hainbat norbanakoren arteko parte-hartze prozesu batean finkatu baitira proiektu eta ideia nagusiak, 2021ean egindako Tolosaldeko Marketin Plana oinarri izanda.
Helburua zehatza da: Tolosaldea turismo jasangarriko helmuga turistiko gisa indarttzea eta Euskadik zentzu horretan duen posizionamenduan laguntzea. Eskualdeko ondare eta natura baliabideak modu jasangarrian aintzat hartuta egin nahi da hori, eskaintza hori Euskadiko sistema turistikoan hobeto integratzeko, eta modu horretara, turismoa desestazionalizatzen, deskontzentratzen eta errenta turistikoa banatzen laguntzeko.
Eskualdearen izaera islatzen duen plana da, proiektu txiki askok osatzen baitute. Iker Urruzola, garapen agentziako lehendakariak azaldu duenez, “herri ekimenei erantzuten diete askok eta Europak lehenetsitako trantsizio berde eta energia eraginkortasunari besteek”.
Hain zuzen, proiektuen aurrekontuaren %35a gutxienez, trantsizio berdea, jasangarritasuna, efizientzia energetikoa edota elektromugikortasuna sustatzen duten ekintzetara bideratzea beharrezkoa zen. Baina, Olatz Peon lehendakariordeak zehaztu duenez, Tolosaldeko planak, “%35a beharrean, aurrekontuaren %48a bideratu du” gisa honetako ekintzetara.
Gauzak horrela, lau lan ildo nagusitara egokitu dira proiektuak: jasangarritasuna, energia eraginkortasuna, trantsizio digitala, eta lehiakortasuna.
Orotara 17 proiektu gauzatuko dira datozen hiru urteotan: besteak beste, mendi eta bizikleta bideen egokitzapena; Fagus-Alkiza museoaren leku aldaketa; Saseta defentsa-sistemari buruzko Interpretazio Zentro baten sorrera Zizurkilen; Hernialde eta Alkiza arteko Kutxidazu Bidea Ixabel ibilbidearen garapena; Txindokiko Itzala eta Trail estazioa hobetzeko ekintzak; edota taloa eta mondejua balioan jartzeko esperientzia gastronomikoen diseinua.
EGINGO DIREN PROIEKTUAK IKUSIProiektu hauen garapen eta kudeaketa Tolosaldea Garatzen eta udalentzat “erronka bat” izango dela aitortu du Urruzolak: “Ez ohiko dirulaguntza eta jarduerak direnez, guztion inplikazioa beharrezkoa izango da. Baina orain arte elkarlanean aritzeko erakutsi dugun gaitasunari jarraipena emango zaiola ziur nago”.
2026an jarri du begirada Olatz Peonek: “Tolosaldeak eskaintza zabal eta erakargarriagoa izatea lortuko du Euskadiko barnealdera etortzen diren turisten motibazioei hobeto erantzuteko: Gastronomia, Natura eta abentura, eta Kultura. Tolosaldea aukera-gune bihurtu nahi da, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko eta lan-aukerak sortzeko”.