/ Aktualitatea / Oficina de consumo / Gau Beltza: ospatzea ere kontsumo arduratsua egitea da
Tolosaldeko KIUBak sormena lantzera eta etxean ditugun arropak eta materialak berrerabiltzera animatzen ditu herritarrak, ospakizun hauek modu jasangarriagoan bizitzeko.
Gau Beltza gozatzeko, elkarrekin egoteko eta irudimenari bide emateko egunak dira. Baina gure kontsumo-ohiturei buruz hausnartzeko aukera ere eskaintzen digute. Izan ere, ospatzeko ez dugu etengabe erosi beharrik.
Tolosaldeko KIUBetik, kontsumitzaileen informazio eta arretarako zerbitzu publiko gisa, herritarrak jai hauek modu arduratsuagoan, jasangarriagoan eta seguruagoan bizitzera animatu nahi ditugu.
Horretarako, mozorroak prestatzerakoan berrerabilpena lehenestea proposatzen dugu. Mozorro berria erosi aurretik, armairua ireki eta erabiltzen ez ditugun arropak, jantzi zaharrak, maindireak, zapiak, oihalak edo etxean ditugun trapuak erabil ditzakegu. Irudimen pixka batekin, mozorro original eta dibertigarriak sortuko ditugu, materialei bizitza berri bat emanez eta hondakin gutxiago sortuz.
Familia eta lagunen artean mozorroak trukatzea, aurreko urteetakoak berrerabiltzea edo bigarren eskuko dendak aukeratzea ere aukera onak dira. Sormena eta berrerabilpena kontsumo arduratsuaren aliatu bikainak dira.
Gau Beltza, gainera, gure ohiturak berreskuratzeko, belaunaldi berriei transmititzeko eta kultura nahiz komunitate-bizitza sustatzeko aukera paregabea da.
Tolosaldeko KIUBetik gogorarazi nahi dugu kontsumo arduratsuak dagoeneko ditugun gauzak aprobetxatzea, beharrezkoak ez diren erosketak saihestea eta gure erabakiek ingurumenean duten eragina kontuan hartzea ere badakarrela.
Gau Beltz honetan, mozorrorik onena etxean bertan izan dezakegu. Berrerabili, sortu eta gozatu, behar baino gehiago kontsumitu gabe!