/ Aktualitatea / Turismo / Mondeju & ardo azoka Amezketan
Mondejua eta Amezketak harreman berezia izan dute, eta dute, gaur egun ere, Aralar azpian aurkitzen den beste herri batzuekin elkarbanatutako lotura da. Izan ere, mondejua ezin daiteke ulertu Aralar gabe. Bertako artzainak garai honetan hasten dira Aralarretik ardiak jaisten, uda bertako larretan igarota. Behin beheran, ardi batzuk kentzen dira: zaharrenak, ortzik gabekoak, antzuak… hauen ardikia aprobetxatzeko sortu zen mondejua, produktu berezia da.
Aralarko artzaintzarekin du lotura honenbestez mondejuak. Eta artzaintzarekin batera, beste aktore garrantzitsu bat azpimarratu nahiko genuke: baserrietako sukaldeak eta Amezketako emakumeak. Haiek sortu eta mantendu dute mondejuak egitearen jakintza, belaunaldiz-belaunaldi transmisioa eginez. izan ere, duela hamarkada gutxi arte, oso ohikoa zen Amezketako baserrietan etxeko ardiarekin edo erositako ardiarekin mondeju janak egitea, familia eta lagunen gozamenerako.
Baserrietako emakumeekin batera, ostalaritzaren paperean ere arreta jarri nahiko genuke. Ostalaritzak ahalbideratu du publiko zabalago batek mondejuak jateko aukera izatea, Amezketara etortzen diren bisitariek ere, gure kutixi honetaz gozatzeko aukera eskaintzea. Eta mondejuaren historian, ezin aipatu gabe utzi Ugarteko tabernak. Patrizio eta Goikoetxea tabernek Ugarte ezagun egin zuten, eta hori, mondejuarengatik izan da. Udazkenean, iraila amaieratik, abendu hasiera bitarte, makina bat jende etorri izan da mondeju jana egitera: mondeju zopak, mondejuak, ardi gisatua eta Aralarreko ardi gazta. Gaur egun ere, herriko hainbat taberna eta jatetxetan mondejuak dastatzeko aukera dago.
Amezketako udalak, bertako herritarrekin batera, mondejua balioan jarri nahi du, ondare gastronomiko bezala bultzatu eta indartu nahi da. Eta honetarako, irailaren 30ean, MONDEJU ETA ARDO AZOKA antolatu da.
Festa honekin mondejuaren denboraldiari hasiera eman nahi zaio, iraila amaieratik abendu hasiera bitarte luzatzen dena. Hemendik aurrera, bertako mondejua jateko aukera izango da. Eta festa honekin, ez da nahi denboraldiaren hasiera eman soilik. Festa honekin, mondejuaren inguruan lanketa berezia egiteko hasiera ere eman nahi zaio. Mondejua eta Amezketa, zaletasuna baino gehiago delako. Kultura dago, artzaintza, baratzegintza, harremanak, ospakizuna, sukaldaritza, gozamena, transmisioa, Aralar… eta herri baten harrotasuna.
Festa honen barruan, egunean bertan parte hartuko duten mondejugileak omendu nahi dira. Nahiz eta 9 diren, beraiek izango dira aurreko belaunaldietako mondejugileen ordezkari. Beraiek gabe ez legoke mondejurik, eta beraiek dira gure produktu kuttunaren babesle onenak, beraiek dira mondejuaren enbaxadoreak, eta gorazarre egin nahiko genieke Amezketaren izenean.
Festaren programa osoa www.tolosaldea.eus web gunean aurkituko duzue.
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana exekutatzen hasteko hitzarmena uztaila bukaeran sinatu zen Tolosaldea Garatzen eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, Europar Batasuneko Next GenerationEU funtsen finantziazioari lotuta.
Plan honen baitan, “Bertako produktuak turistari begira balioan jartzeko” lan ildoa txertatu genuen. Zehazki, besteak beste, Amezketan Mondejuaren inguruko lanketa bat egitea aurreikusi zen. Artzantza, Aralar, ostalaritza eta udazkena. Turismo jasangarri baten ereduaren baitan osagai guztiak dituen produktua. Hau izango da Tolosaldeko
Turismo Jasangarriaren Planean martxan jarriko dugun lehen ekintza eta pozgarria izan da Amezketako udalaren, herritarren eta ostalarien inplikazioa ikustea. Tolosaldea Garatzenen partetik, eskerrak ematea dagokit bai Amezketako herriari, eta nola ez, Eusko Jaurlaritzari, hau dena posible egiten laguntzeagatik.