/ Aktualitatea / Oficina de consumo / Mallorcako makroagerraldia: nola baliogabetu bidaia antolatu bat, ordaindutako diru guztia galdu gabe
Jakin denez, Tolosaldeko ikasle talde batek ikasturte amaierako bidaia bertan behera uztea eskatu du, ordaindutako zenbatekoa itzultzearekin batera.
Testuinguru horretan prozedura egokiak eta gomendioak ematek, Ainhoa Orrantia Balado aholkulari juridiko-legala eta Tolosaldeko KIUBeko arduraduna elkarrizketatu zuten ETB2ko QMEC saioan. Bere hitzetatik abiatuta, Covid-19a dela-eta antolatutako bidaia bat baliogabetzeko eta dirua itzultzeko jarraibideak laburbiltzen ditugu jarraian.
Bidaia antolatu bat baliogabetu daiteke ordaindutako dirua galdu gabe?
Lehenik eta behin, kasu bakoitza aztertu behar da, eta zer eta nola gertatu den aztertu. Baina, printzipioz, baliogabetu daiteke, bai, nahiz eta komeni den zenbait alderdi argitzea.
Zer arrazoi hartzen dira kontuan bidaia bertan behera uzteko?
Lehenik eta behin, argitu behar dugu beldurra ez dela ezinbesteko kausatzat hartzen deuseztapenerako.
Ikasleek Mallorcara egindako ikasturte amaierako bidaien kasuan, badirudi agentzia antolatzaileak ez duela kontratua bere osotasunean bete. Kontratu horrek langile edo begirale espezializatuen 24 orduko laguntza ematea ziurtatzen zuen klausula bat jasotzen du. Laguntza hori betetzen ez bada, hura baliogabetzea azter daiteke.
Jakina, askoz errazagoa izango litzateke larrialdi-egoera bat ezarriko balitz. Horrek diru-kopuru guztia itzultzea ekarriko luke, inolako zigorrik gabe, nahiz eta oraingoz ez dagoen egoera hori. Makroagerraldi izendatu dutenez, ezohiko neurriak har ditzake Balearretako gobernuak.
Zer dio legeak dirua itzultzeari buruz bidaia bat bertan behera utziz gero?
1/2007 Errege Dekretuaren 160. artikuluak, zeinak bidaia konbinatuei buruz hitz egiten duen, ezartzen du bidaiari guztiek izango dutela kontratatutako bidaia bat ebazteko aukera, bidaia hasi aurreko edozein unetan. Kasu horretan, erakunde antolatzaileak aurrerapenean oinarritutako zentzuzko zigor bat ordaintzeko eskatu ahal izango du, betiere egokia eta justifikagarria bada. Zigor hori bidaia konbinatuko kontratuan bertan jaso beharko litzateke.
Zer gertatzen da kontratuak klausula hori jasotzen ez badu?
Jasota ez badago, zigorraren zenbatekoa behar bezala justifikatu eta arrazoitu beharko da. Hala ere, bidaia konbinatua egiteko edo bidaiariak helmugara garraiatzeko nabarmen eragiten duten aparteko egoerak gertatzen direnean, kontratua suntsiarazteko eskubidea izango da, bidaia hasi baino lehen, inolako penalizaziorik ordaindu gabe.
Eta agentziak ez badu onartzen deuseztapena eta errenboltsoa?
Inplikatutako alderdien artean adiskidetasunezko konponbiderik lortzen ez bada, auzitegiek ebatzi beharko dute eztabaida. Epaileek erabaki beharko dute gerora sortutako egoeratzat hartzen den ala ez.
Zer pauso ematea komeni da?
Bidaia bertan behera uzteko asmorik izanez gero, lehenbailehen eta modu frogagarrian jakinarazi behar zaio bidaia-agentziari. Modu frogagarrian esaten dugunean, agentziak komunikazio hori jaso duela egiaztatu behar dugula esan nahi du. Hori gutun ziurtatu baten edota burofax baten bidez egin daiteke, besteak beste.
Harago joanda, bidaia-lotea beste pertsona batzuei merkeago birsaltzeko aukera legoke, ala nominala da?
Bidaia birsaldu ahal izateko, alderdi kontratugileak berariaz onartu beharko du. Hau da, zerbitzuaren erabiltzaile izanik, erabakitzen bada beste pertsona interesdun bati birsaltzea, kontratatutako bidaia-agentziak ados egon beharko du bidaiari berri hori leku horretan subrogatzearekin, beti ere, aurrez agentziarekin hitzartutako eskubide eta betebehar berberak bere gain hartuz